lunes, 22 de abril de 2019

DENBORA LANTZEKO ESTRATEGIAK


Kaixo lagunak!
Ostiralean, gelan landutako laugarren gaia amaitu genuen. Honen harira, haurrek denboraren pertzepzioa ikasteko behar dituzten zenbait kontzeptu ikasi genituen, eta denboraren pertzepzioa lantzeko erabil daitezken zenbait jarduera.

Haurren egozentrismoaren ondorioz, haientzat denbora eta bizitza gauza bera dira, ez dute ulertzen beraiek jaio haurretik eta beraien ondoren beste zerbait existitzen zenik. Haurrentzat denbora ez da etengabeko jarraipen edo segida, ezta erreferentzia objektiboak dituen zerbait ere baizik eta beraiek denbora hori nola sentitu duten.

Sinkretismoa, hau da, elementu desberdinak, bereziki doktrina edo ideia desberdinak, koherentziaz bateratzeko joera, haurretan oso ohikoa da, haurrek ez dituzte denboraren ezaugarri desberdinak ondo bereizten: iragana, oraina, geroa, aldiberekotasuna, iraupena, etab. kontzeptu zailak dira eta nahastuta daude haurraren buruan.

Hori dela eta, haurrek, beren adinaren arabera, denboraren pertzepzioa garatu gabea dute. adibidez, urte bateko haur batek, berehalako iragan eta etorkizuna ulertu dezake bakarrik. Hiru urteko haurrek berriz, iragana, oraina eta etorkizunaren kontzientzia bereganatzen hasiak dira naiz eta oraindik ez ondo bereizi. Ondorioz, iraganean gertatutako guztiari “atzo” esaten dio eta etorkizunean gertatuko den guztiari bihar.

Denboraren oharmen subjektibo eta kulturalaren kontzeptua garatuz doaz bere bizipenekin lotuz edo entzun dituzten ipuin edo kontu zaharren bidez eta beren inguruaren bidez (aiton-amonak, herriko pertsonaiak, monumentuak etab.)

Denboraren pertzepzioa lantzeko modu ugari daude haur hezkuntzan, horien artean, segidak, errutinak eta behaketa oso ohikoak dira.

Haurrek gertaeren segidak bereganatu behar dituzte, gauzak bata bestearen ondoren nola gertatzen diren ulertzen joan eta ordena edo segida jakin batzuen logika barneratuz: adibidez, eguneko gertaerak; ipuinetako marrazkiak; argazkiak etab. ordenaturik jartzen ikasi behar dute. Segida kontzeptua lantzeko ariketa ugari dago: zenbakizko eta objektuen segidak, ipuin kontaketak etab. Gainera, eta denborazko edozein kontzepturen ulermenerako hizkuntza oso tresna garrantzitsua da, hitzez saiatu behar baitute umeek beren bizipenak ordenatzen eta azaltzen (eguneroko hizketaldian, astelehenetako eta oporren ondorengo saioetan...).


Haurrek segiden bidez kronologiaren kontzeptua uler dezaten, ikasgelan landutako ipuin baten argazkiak ordenatu behar izan zituzten bost urteko gelako ikasleek praktikaldiak iraun zuen garaian. Aurretik landutako “Artzain Gezurtia” ipuinaren irudiak ordenatu behar izan zituzten eta ondoren beren istorioan gertatutakoa ahoz azaldu behar zuten. Ez zuen inporta ordena zehazki berdina zen edo ez, garrantzitsuena beraiek sortutako istorioak zentzua edukitzea eta azaltzen jakitea zen.
Segidak lantzeko guk pentsatu dugun jarduera, ikasgelan ohikoa den ipuin bat, ipuin klasikoak adibidez, kontatzea haurrei denboraren inguruko galderak eginez, adibidez, zer gertatu da orain arte? ba al dakizue zer gertatuko den orain? moduko galderak. Hau egin ondoren, haurrek ipuina antzeztu beharko dute, antzezteko moduak edo esan beharrekoari ez zaio garrantzia emango, istorioaren ordenari baizik.

Errutinak berriz, egunero errepikatzen diren ekintzak eta bere testuingurutik kanpo zama pedagogiko handirik ez duten jarduerak dira. Bere testuinguruan berriz, garrantzi pedagogiko handia hartzen dute.

Errutinek, mugarrien eginkizuna betetzen dute denboraren alorrean. Eskola eguna, denbora amaigabea gerta dakioke haurrari (txikiari batez ere), gertaera jakin batzuek (errutinak=mugarriak) denbora horren amaierara iristen ari dela adierazten ez badiote.

Errutinak beti modu berdinean egin behar izateak ziurtasuna ematen diote haurrari. Gainera eguna zatitan banatzeak, jolas-ordua eta bazkalorduaren bidez, iragana gogoratzen eta etorkizuna aurreikusten laguntzen dio. Haurrek jardueren segida barneratzen dute eta gertaeren iraupena barneratzen eta ulertzen laguntzen dute errutinen bidez, gainera, esanahi afektiboa ere badute, denetan ez bada ere, batzuetan truke afektiboa gertatzen da, nolabaiteko hurbiltasun fisikoa

Horrez gain, errutinen artean egutegia lantzea dago. Asteko eguna, hilabeteko eguna, atzo, gaur, lehen, orain, zenbat urtebetetze ditugu hilabete honetan? moduko galderek egunak eta egutegia barneratze laguntzen dute. Eguneko gertaerarik nabarmenena marrazkiz adierazi eta egutegian jarri daitezke, modu honetan denborazko kontzeptuak beren esperientziarekin lotzen dira, momentuan bizi dutenarekin nolabait esateko. Eguneroko errepikapen hauek lagunduko diete haurrei denbora kontzeptua bereganatzen eta barneratzen.

Praktiketan geundela, gelara sartu eta ikasle guztiak agurtzen genituen, arduraduna aukeratzen genuen eta eguna hasteko, arduradunak zein egun zen azaldu behar zuen, horretarako, bere izena, urtaroa, eguna, eguraldi eta tenperatura eta gelan dauden ikasleen kopurua esaten zuen, hori egin ondoren, klasearekin hasi gintezken.

Errutinen inguruko beste jarduera bat erlaxazioa da. Bazkalordutik bueltan, ikasle guztiak lasai daitezen 10 minutuko erlaxazio saioa egin daiteke. Gelara sartu bezain laster, ikasleak gelatik sakabanatu beharko lirateke lurrean buruz gora etzanda. Musika lasaigarria piztu eta ikasleek begiak itxi beharko lukete, eskuak beren sabelean jarriz eta beren arnasa kontrolatuz.

Behaketa ere jarduera oso aproposa da denboraren pertzepzioa barneratzeko. Zenbaitetan haurrak ez dira jabetzen denboraren joanak pertsonengan, objektuetan, landareetan duen eraginaz (nahiz denbora ez izan aldaketa eragiten duen eragile bakarra, adibidez, bizi baldintzek aldarazi dezakete pertsonen itxura). Aldaketaz jabetzeko behaketa nahitaezkoa da: landareak, haurren argazkiak, gurasoenak, sukaldaritzan gertatzen diren aldaketak.

Gure praktikaldian zehar, urtaroak ikasten zeuden eta ondorioz eguraldiak naturan duen aldaketaz. Praktiketan geunden bitartean udazkena zen eta ondorioz, eskolako leihotik ikus genezaken zuhaitzaren eta guk landatutako hazien arteko konparaketa egiten genuen, kanpoan zuhaitzak hostoak galtzen zituen bitartean, astero behatzen genuen tomatea geroz eta gehiago hazten zen.


Behaketaren inguruan, proposatzen dugun beste jarduera, espazio baten aldaketak dira, adibidez, eskolatik gertu dagoen eremu natural batera joan daitezke haurrak astean behin eta eremu horri leku berdinetik argazki bat atera ikasturte osoan zehar. Argazki horiek inprimatu eta ikasgelako paretan itsatsi daitezke modu honetan, espazio horrek ikasturtean zehar jasaten dituen aldaketak haurrentzat begi-bistakoa izango da.

Gure ustez, hemen proposatu ditugun jarduerak oso aproposak dira haur hezkuntzako haurrek denboraren pertzepzioa barneratu ahal izateko, izan ere, errealitatean ondo funtzionatu dezaketela uzte dugu.

Zoriontsu izan!

No hay comentarios:

Publicar un comentario