Gaurko honetan, haur batzuen marrazkiak aztertu ditugu eta honekin, ondorio batzuk atera ditugu. Hurrengo lerroetan taldean egidako lana ipiniko dizuet. Gustokoa izatea espero dut.
MAPA MENTALAK
Egileak: Aguado, Ane
Arretxe, Janire
Ausin, Nerea
Cabrejas, Haizea
Cuevas, Aroa
GA.1
Mapa mentalak, bakoitzaren inguru zehatz baten ulermenetik abiatuta sortzen dugun errepresentazio grafikoa da, adibidez, etxea, hiria, auzoa… Esperientziaren bidez joaten da garatzen eta pertsonala da, hau da, pertsona bakoitzak desberdin ulertu eta marrazten du ingurua.
Ingurune espazial, objektu eta pertsona horien informazioa eskuratzea, kodifikatzea, biltzea, gogoratzea eta manipulatzen jakitea beharrezkoa da, mapa mentala egin ahal izateko.
Mapa mentalek funtzio desberdinak dituzte. Hasteko, espazio fisiko erreal batean kokatzen eta bertan mugitzen laguntzen du, azken finean seguritatea ematen digute. Horretaz gain, dinamikoak eta iraunkorrak dira, horregatik ez dira erraz ahazten. Gainera, espazioa nola bizi den adierazteko modu bat da eta espazio horretako informazioa hiru oinarrizko dimentsiotan banatzen ditu: tamaina, distantzia eta norabidea. Horretaz aparte, esperientzia sozial eta kognitiboa antolatzeko baliagarria da, espazioaren antolakuntzan eragin dezake…
Mapa mentaletan, hiru elementu sailkatu daitezke:
- Mugarriak: mapa kognitiboen oinarriak dira. Bakoitzarentzat atentzioa deitzen edo garrantzia duten leku edo objektuak dira, esanguratsuak direlako. Erreferentzia puntuak dira, abiapuntu edo helmuga gisa jokatzen baitute mapetan. Ezaugarri fisiko edo lotura afektiboengatik antzeman daitezke.
- Bideak edo ibilbideak: mugarri batetik bestera joateko modua dira. Mugarri bat bestearekin lotzeak inplikatzen du, pertsonak badakiela zein doan bestearen atzean. Ume txikienek ez dute ibilbidea marrazten, mugarriak ez dituzte elkarren artean lotzen.
- Konfigurazioak edo eraketak: mugarriak eta bideak ez dira nahikoa mapa osatzeko, horregatik, espazio osoa ezagutzeko, bide horiek elkarren artean lotzen jakin behar da. Hau egiteko gai garenean, konfigurazio edo eraketa egiteko gai gara. Bideak ez ditugu banaka memorizatzen, osotasunean baizik, eta espazio zabalago batean kokatzeko balio digute. Hauek egitean, bi puntuen arteko ibilbidea era desberdinetatik egitea lortu dezakegu.
Hainbat adituk, mapa mentalak sortzeko orduan, aldagai desberdinen garrantzia azpimarratzen dute: ingurunearen ezagutza eta konfiantza (etxekotasuna, trebantzia), landa giroa ala hirikoa, garraiobidea, estereotipoak, eta sexua, gurasoen arauak, kultura, inguruarekiko lotura emozionala…
Mapa mentalak, haurrekin, hainbat modutara erabilgarriak izan daitezke, adibidez: diagnosirako tresna moduan, informaziorako tresna gisa, heziketa jarduera bezala...
Jarraian, bi haurrek egindako mapa mentalak aztertuko ditugu:
Lehenengo marrazkiarekin hasteko, Dylanek orri osoa erabiltzen du modu horizontalean marrazkia egiteko. Hau betetzeko kolore ugari eta argiak erabiltzen ditu: berdea, laranja, gorria, urdina, arrosa… Koloreak ez ditu identifikatzen objektuekin: eguzkia gorria marraztu du, etxea arrosa, errepideak berdez eta laranjaz, zuhaitz urdinak, etab.
Perspektibaren aldetik, errealitatea islatzen du; autobusa kotxea baino handiagoa, kotxea etxea baino txikiagoa... Objektuei bolumena ematen saiatzean, gorantz egongo balira bezala marraztu ditu, bertikalean egongo balira bezala, hau, errepideetan ikus dezakegu batez ere, gainera, barrua egon beharko liratekeen objektuak marrazteko orduan (autobus barneko motxilak), leku horretatik kanpo marraztu ditu (autobusaren teilatuan). Gertutasuna eta urruntasuna ez ditu islatzen, dena plano berdinean marraztu du.
Marrazkiko elementu gehienak, ondo zehaztuak daude, esate baterako etxea, ikastetxea, errepideak, zuhaitzak eta eguzkia. Aldiz, autobusa, motxilak, kotxea, “dinosauroa” eta “munstroa” ez daude hain zehaztuak, eta azalpenik gabe agian ezingo genuke asmatu zer diren.
Mapa mentalak osatzen dituzten elementuekin hasteko, mugarriei dagokienez, ikastola eta etxea dira nabarienak, izan ere, marrazkiak etxetik ikastolara egiten duen bidea azaltzen du. Ez ditu mugarri moduan erabiltzen dituen eraikuntzak jarri. Eskolara bidean, dinosauro bat eta munstro bat dira marraztu dituen lehen elementuak, eta eskolatik gertu, zuhaitz batzuk.
Marrazki osoan zehar, errepideak daude, baina ez dago haien arteko loturarik, errepideak bata bestearen atzetik marraztu ditu baina zatiak haien artean elkartu gabe (konfigurazioa).
Margotzeko orduan, etxea ez du barrutik margotu, hau da forma bakarrik egin du arrosez. Errepideak berdez, laranjaz eta urdinez margotu ditu, eta eskolari dagokionez, forma bakarrik marraztu du, baina kasu honetan pixka bat gorriz margotu du barnealdea.
Dinosauro eta munstroa margotzeko urdin argia erabili du. Munstroaren aho eta begiak gorriz eta buruan txano moduko bat gurutze batekin horiz margotu du. Zuhaitzak berriz, urdin nahiko ilun eta hosto horiekin margotu ditu. Gainera, eguzkia gorriz marraztu du, barnealdea margotu gabe utziz.
Naturarekin zerikusia duten elementuei dagokienez, argi eta garbi, zuhaitzak marraztu dituela ikusten da, apaingarri moduan edo bidean zuhaitzak dituen eremu bat dagoelako. Eta zuhaitz horietaz gain, eguzkia marraztu du goialdean.
Marrazkian, ez da ez pertsona ez animaliarik ateratzen.
Bigarren marrazkiari dagokionez, orria orientazio horizontalean erabili du eta ia osoa margotu du. Bere mapa mentala margotzeko, kolore bai ilunak baita argiak ere erabili ditu: horia, urdina, morea, marroia… Kolore eta objektuen lotura batzuetan errespetatu du, adibidez, eguzkia kolore horiz margotu du.
Haur honek, marrazkia gehiegi definitu gabe egin du, eguzkia, bere etxea, putzuak eta ikastola definitu ditu, baina inguratzen duen gainerakoa zirriborro moduan dago. Eguzkia nahiko handia egin du, eta etxeak forma arraroa dauka, etxearen azpian marra batzuk ditu eta. Eskolaren tamaina etxekoarena baino pixka bat handiagoa da. Putzuak forma borobilarekin egin ditu, eta margotutako gainerakoa ez da ondo ulertzen zer den.
Haur honen marrazkian, soilik bi mugarri argi ikusten ditugu. Hasteko, haurraren etxea. Etxea ez dago guztiz margotua, baina kolore argi bat, horia, erabili du erdia baino gehiago margotzeko. Lehen aipatu bezala, etxeak “hanka” modukoak ilustratzen dituen marrak ditu azpian. Horretaz gain, bi leiho, ate bat eta teilatua marraztu ditu bere etxea marrazteko.
Bigarrengo mugarria ikastola da. Hau etxearekin alderatuz, tamainaz pixka bat handiagoa egin du. Ikastola margotzeko kolore marroia, morea eta hori pixka bat erabili ditu. Bertan, ate edo leiho handi bat marraztu du, eta teilatuan borobil bat dago marraztua, barruan puntu bat duena.
Etxetik ikastolara joateko bidea, arkatzarekin marraztu du, /\/\ forma eginez, agian belarra edo eskailerak ilustratu nahian. Etxetik ikastolarako bidea nahiko motza irudikatu du, agian ikastolatik hurbil bizi den haurra delako. Ikastolara nola joaten den ez du irudikatu, beraz ez dakigu autobusez, kotxez edo oinez joaten den.
Marrazkian agertzen denarekin jarraituz, eguzki handi bat egin du goialdean, kolore horiz margotuta, eta atentzioa deitzen duen elementuetako bat putzuak dira. Putzu asko marraztu ditu, batzuk urdinez eta beste batzuk morez margotuta. Izan daiteke, gau hartan edo egun hartan euria egin zuela eta horregatik haurrak bere mapan putzu asko irudikatzea erabaki zuela.
Naturarekin zerikusia duten elementu horietaz gain, marrazkia nahiko pobrea da, esan bezala, soilik etxea eta ikastola irudikatu ditu eta. Ez du apaingarririk, eta ezta pertsonarik marraztu. Aipatutako elementuez gain, putzuak izan daitezkeen beste borobilak marraztuak daude eta orriaren aldeetan marra urdinak, moreak, horiak eta marroiak, beste zirriborro batzuetaz gain.
Lan hau egin ondoren, ondorio desberdinak atera ditugu.
Espazioaren kontzeptua azaltzeko eta deskribatzeko zaila da, pertsona bakoitzak era batean ulertzen baitu, eta nahiz eta espazioa berdina izan, bakoitzak era desberdin batez ulertu eta mapa mentalen kasuan, marraztuko du.
Ikusi ditugun bi mapetan oinarrituz, nabaria da, gehien bat bigarren marrazkian, haurrek mugarrik gutxi marrazten dituztela. Kasu hauetan ibilbideak gutxi gorabehera marraztuta daudela esan dezakegu, baina konfigurazioa, aldiz, ez dago egina.
Bi marrazkiak aztertuz, haurrak garai egozentrikoan daudela esan dezakegu, hau da, estadio topologikoan. Bi marrazkiak, haurren esperientziari lotutako tokiak erakusten dituzte: etxea eta eskola, ia gainerako mugarririk gabe. Marrazkien orientazio geografikoa egozentrikoa da, norberaren jardueran oinarritzen delako eta soilik ikonikoa marraztu dute.
Aipatu beharra dago, lehenengo marrazkia osatuagoa dagoela eta lana egiteko momentuan, marrazkian ipintzen du munstro bat agertzen dela, baina guk ateratako ondorioa, eliza bat izan daitekeela da. Izan ere, berak “munstroa” deitutako horrek, eliza itxura du (gurutzea, kupula…).
Laburbilduz, mapa mentalak osatzen dituzten elementuei bidez (mugarriak, bideak eta konfigurazioa) pertsona batek inguruari buruz duen ezaguera jakin dezakegu. Hasieran, garai egozentrikoan, mugarriak soilik interpretatzen dira, ondoren, partzialki koordinatutako garaian eta 7 urte izatearekin aldera, mugarri horien arteko erlazioak egiten dira (bideak), eta amaitzeko, koordinatutako garaian (9-11 urteen aldera) mapa bat lortzen da non puntu eta mugarri guztiak haien artean lotuak dauden (konfigurazioak).
Kontuan izan behar da, garapen ebolutibo hau aldagai desberdinak eraldatu dezaketela, eta horregatik: ingurunearen ezagutza, landa-eremua edo hirigunea, sexua, gurasoen arauak, lotura emozionala ingurunearekin… bezalako aldagaiak kontuan izan behar ditugu.
Amaitzeko, irakasle paperean, mapa hauek baliabide didaktiko moduak erabiltzearen garrantzia ulertu behar dugu eta ikaslearentzat ikasteko tresna bat dela kontuan hartu. Garrantzitsua da, irakasle bezala, ikasleei konpetentzia espaziala bermatzea, eta haiek hori eraldatzeko gai izatea inguruaren arabera.
Zoriontsu izan!
No hay comentarios:
Publicar un comentario